Herritarren izerdiarekin egindakoa izan zen Xoxoteko aterpea. Ez zen erraza izan, ordea, aterpea eraikitzea Xoxoteko puntan.
Aterpea egiteko benetako asmoa, gailurrean zegoen txabola erre zenean sortu zen, 1970 ko hamarkadaren amaiera aldera. Txabola hark bere betebeharra ongi betetzen zuen, ardien gordeleku izanagatik, bertaratutako mendizaleak aldatzeko, zerbait jateko edo babesteko erabiltzen zen. 1982 urtean Lagun Onak M.B. lehengo txabola haren ordezko bat eraikitzea pentsatzen hasi zen. Horretarako inguruko hainbat borda, etxe, txabola,. ikusi ziren eta azkenean behintzat gaur egun oraindik Pagoeta mendian dagoen borda gustatu zitzaien. Behin horrela urte amaiera aldera Udalari asmoaren berri eman eta baimenak eskatu zituzten, eta Udalak baita eman ere. Bilera batzuk egin ostean, entitate publikoetatik dirua errazago lortzeko, hobe izango zela txabola bat eraiki beharrean aterpe eder bat eraikitzea adosten da. Honela gainera bertara astegunetan haurrak eramateko aukera egongo litzatekeela eta. Ideiak arrakasta lortu zuen, ondorioz, babes ekonomikoa ere. Bai Udala, bai Lagun Onak M.B., bai Euskal Herriko Mendi Federakundea eta bai Gipuzkoako Foru Aldundia prest azaltzen dira obra hori diruz laguntzeko, eta 1983 urtean aterpea eraikitzen hasten da. Jende askok parte hartu zuen aterpea eraikitzen, hainbat enpresek ere jendea eta materiala eman zuten lanak amaitzeko. Normalean, Lagun Onak Elkartearen inguruan zebiltzanak ziren lan gehien egin zutenak. Oro har, asteburuetaz baliatzen ziren: Larunbat goizean irten, egun osoan lan egin, bertan lo egiten gelditu, igande goiza aprobetxatu eta arratsalde partera behera.
Hainbat dokumentu sinatu ondoren eta aterpea hornituta zegoelarik, 1984ko Xoxoteko egunean ireki zen aterpea, maiatzaren 27an, eta geroztik, arazoak arazo, komeriak komeri, hutsik egin gabe izan dugu han goian.
Berehala hasi zen Lagun Onak M.B. aterpearen funtzionamendurako araudia egin eta gestioa aurrera eramaten. Lehendabiziko arduradunak aukeratu ziren. Baita ere aterpea haurrentzat nahi zen funtzio hori betetzen, haur mordoa inguratzen zelako astegunetan, bertan egun batzuk pasatzera. Ondorengo urteetan haurren kopurua izugarri handitzen joan zen, aterpean arduradunak aldatuz joan ziren eta beste behar batzuk azaltzen hasi ziren: Begiraleen beharra, finantzaketa, materialaren horniketa... Guzi hau horrela, 1992.urtean, Lagun Onak M.B-k Gipuzkoako Mendizale Federakundeari 10 urterako uztea sinatu zuen beronen gestioa; beraz ordutik Federazioaren esku geratu zen. Hortik aurrera aterpeak funtzionatzen jarraitu zuen, arduraduna Federazioarekin akordio batetara iritsi zen eta hala pasa zituzten urte batzuk. Urte hauetan Lagun Onak M.B-k aterpeari ematen zitzaion erabilerari eta funtzionamenduari zenbait kritika egin zizkion eta desadostasunak agertu izan zituen, baina ez zitzaion kasu handiegirik egin izan Federaziotik.
1999. urtean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herriko taberna, jatetxe, elkarte eta beste horrelako lekuetan inspekzioak pasa zituen. Hori bera egin zuten Xoxoteko aterpean eta zenbait akats aurkitu. Honako hauek izan ziren:
- Komun bakarra zegoen aterpe osoan eta aterpeak zuen jende kapazitatearentzat ez zen nahikoa. Komun-aurrea ez zegoen jangelatik ate batez bereizita
- Jangela eta sukaldea ez zeuden fisikoki bereizita. Ontzi garbigailurik ez zegoen, behar bezalako hozkailu sistemarik ez eta intsektuen aurkako beharrezko sistemarik ez zegoen. Patata tortilla arrautza freskoarekin egiten ziren eta sukaldeko langileek kolore argiko arroparik ez zuten.
- Zerrautsa zegoen lurrean. Sabaian hezetasuna ageri zen.
- Bertan erabiltzen zen ura tratatu gabea zen.
Hau ikusita 2000 ko Martxoan Udaletxearen bitartez txosten bat iritsi zen Lagun Onak M.B. eta baita Federaziora ere. Txostenean aurkitutako akatsak agertzen ziren. Federazioaren lehen pausoa aterpera haurrak bidaltzeari uztea izan zen. Irailaren 25an Gipuzkoako Mendizale Federazioak txostenaren oharrak onartzea erabakitzen du eta haurrik ez bidaltzeaz gain aterpeko arduradunari otordu, janari eta edariak saltzeko aukera kentzen dio. Aterpeko arduradunak Irailaren 28an aterpea ixtea erabaki zuen. Entzute handiko albistea izan zen herrian eta Lagun Onak M.B berehala hasi zen mugitzen. Baina Federazioari utzita zegoenez gestioa aurreneko pausoa beraiekin harremanetan jartzea izan zen. Berehala antzeman zen gauzak Federazioko kideekin sail izango zirela; hitz egitea soilik oso saila egiten zen. 1992. urtean sinatutako paperak aztertu eta han klausula batzuk bazirenez, haietako batek honela zion: Federazioak aterpeari jarduera eman behar ziola eta gainera irekita eduki behar zuela. Hori ez betetzeak hiru hilabetetan Lagun Onak M.B -k aterpearen gestioa berreskuratzea suposatuko zuen. Klausula horri eustea erabaki zen eta Federazioari gutun baten bitartez adierazi zitzaion. Hala eta guztiz ere Lagun Onak M.B.k ez zuen erantzunik jasotzen. 2001ko urte hasieran, Federazioan batzorde aldaketa eman zen eta hauekin hitz egitea behintzat lortu zen. Hizketaldi batzuen ondoren onartzen da klausula hori eta aterpeko arduradunarekin ere konpontzen da Federazioa. Honela berriro ere aterpearen gestioa Lagun Onak M.B.ren esku geratzen da, hau Martxo inguruan izan zen.
Lagun Onak M.B. aterpean zer egin daitekeen aztertzen hasi zen. Horretarako aterpe desberdinak ikusi, jende desberdinarekin hitz egin eta udaletxearekin bilerak izan zituen. Aurreproiektu bat egitea erabaki eta batzordean bertan ziren teknikoek burutu zuten eraberritze proiektua.
Lagun Onak M.Bren hurrengo pausoa dirua nondik atera zitekeen pentsatzen hastea izan zen. Lehen aukera Xoxoteko egunean zegoen. Egun horretan lehen sosak atera ziren. Aterpe aurrean barra bat ireki zen eta hainbat lagunek lagundu zuten guztia muntatu eta egunean lan egiten.
Aurreproiektua irailerako amaitua zuten batzordeko teknikariek, Lagun Onak M.B-ren nahietara egokitua. Eraberritze hark bai talde antolatuei (haurrei) eta baita banakako mendizaleei janari eta logelak eskaintzeko aukera azaltzen zuen. Bi helburu horiei eutsiaz eta eraberriketa aterpearen neurriak mantenduaz egitea erabakiko zuen mendi taldeak. Berehala aurreproiektua udaletxean eta federazioan aurkeztu zen.
Berriz ere lanen finantziazioa zen hurrengo pausoa. 2002ko martxoan ikusita proiektua berehala amaitua izango zela, Lagun Onak M.B-k Azpeitiko zenbait enpresetan laguntza eske hasten da eta erantzuna ona izan zen. Martxoaren amaieran proiektua bisatuta udaletxean sartuaz obretarako baimena eskatu zen.
Xoxoteko egunean berriro ere lan asko egin zen diru gehiago ateratzeko eta egun horretan federazioaren bitartez jakinarazten zaigu Osasun Sailak proiektua onartu duela. Maiatzaren 31an udaletxean alkatearekin bileran eta hainbat tirabiren ondoren lanak hasteko baimena jasotzen da. Izan ere udala aterpea handitzearen aldekoa izan zen, aldiz mendi taldea eraberritzea barruan soilik burutzearen aldekoa. Eta horrela egingo zen, aterpearen neurriak mantenduaz burutuko ziren lanak.
Ekainean elkarte inguruko jendea lanean hasi zen eta gremio desberdinekin hizketan ere. Uztailean gremio ezberdinak hasiko ziren lanean eta Azaroan aterpeko lanak burutuak ziren. Azpeitiko zenbait enpresa, Udaletxea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lagun Onak M.B. izan ziren dirua ipini zutenak obra horiek egiteko. Herriko hainbat jendek hartu zuen parte doaneko lanean, batzordeko kideez eta bazkideez gain.
Abenduan, Lagun Onak M.B. lehendabiziko arduradunak aurkitzen hasi zen. 2003ko otsailean ireki zen berriro Xoxoteko aterpea eta bertan jarraitzen du irekita. |