|
2010-2-8
Ernioko mendikatea elurrez jantzia ageri zen igande goizean. Egotik jotzen zuen haize hotz eta zakarrak ez zuen laguntzen mendi gaineko ibilera. Iturriotzetik Sagain-go kobazulorako bidea nahikoa izan genuen horretaz konturatzeko. Behin Sagain-go kobazuloan barneratu ginenean, ez zen haizerik, ez elurrik ez eta holako hotzik ere. Kobazulorako egun aproposa, bere barneko goxotasunaz jabetzeko. 35 laguneko taldea osatzen genuen, gazte eta helduak prest buruan kaskoa eta kopetan argiak ezarririk. Horrela abiatu ginen errekastoari jarraiki, milaka eta milaka urtean errekak landuriko bidean. Estalaktita eta estalagmitez osaturiko irudi ederrak, pasadizo zabalak, estuak, garai eta baxuak. Iluntasuna zer den ezagutzeko aukera ere eskaintzen zuen zuloak, argiak itzaliaz. Sagu-zaharren loa aztoratu gabe, eta guztia zegoen bezala utziaz atera ginen atzera kobazulotik. Ia bi orduko ibilaldi berezia, lurraren barnetik. Gehienak txunditurik, bizi izandakoarekin. Iturriozko bentan mokadua eta autobusa. Ibilaldiaren antolaketan Pagoeta mendi taldekoen lankidetza eskertzekoa izan zen. Horrela joan zen aurtengo gaztetxoen bigarren ibilaldia. Martxoaren 14 an hurrengo zita, Zumaian aurtengo gatetxoen ibilaldi neurtua. Indamendikoek ea zer prestatzen diguten.
Aitor Unanue
Argazkiak
|