|
2010-1-11
Hitzartu gabe Urola kostako hiru mendi talde pasa ginen Mandubiko portutik Urtarrilaren 24an. Zumaiko Inda Mendikoak Mandubitik Murumendira eta handik Ibai Ederko urtegira jaitsi ziren, Zarautzko Txatxarrokoak Santa Agedatik Murumendira eta handik Mandubira, eta gu berriz Azpeitiko Lagun Onakoak Mandubitik Kizkitzara, handik Itsasora eta ondoren berriro ere Mandubira.
Euria zen goizean goiztik herrian eta inguruan, baina hala ere 35 laguneko taldea elkartu ginen herriko plazan, Mandubirako autobusa hartzera. Laino artean zeuden bazterrak eta euria, batzuetan gehiago edo gutxiago baina etengabe aritu zen bidea guztian. Ibilbidea hasi orduko ginen lokatzetan, Kizkitzarako pista ondo zapaldua eta lokaztua zegoen. Ermita ondoko estalpea ondo aprobetxatu zuten gaztetxoek hamarretako egiteko. Inguruan pilatutako orbelak jolaserako aukera polita ematen zutenez, han aritu ziren. Bidean behera eginez Goierri alderantz, hamaiketarako Itsaso aurrez aurre genuen. Elizako aterpe zabala ondo etorri zitzaigun hamaiketakoa egiteko. Gaztetxoak jolasean aritu ziren hamabiak bitartean, helduak kafetxo bana hartuaz ostatuan. Atzera hilerri ondotik maldan gora, Itsaso gaineko pagadietan barneratu ginen. Bide zaharrari jarraiki Ezkio aldera aurrena, ondoren Ezkiorako bidea utzi eta Kizkitza ondoko lepora. Goitik behera azkenik Mandubiraino. Horrela eguerdiko ordu-bata erdiak alderako osatua genuen eguneko txangoa. Autobusean sartu eta epelean, Azpeitira. Eguraldi euritsuetan ere etxetik mendira ateratzea merezi duela ikusi genuen Igandean.
Argazkiak
|